Buscar este blog

miércoles, 7 de marzo de 2018

AITOR ORUETA.

OK MAGAZINEA

2018-03-07 12:57:50
ALEBIN MAILAKO REALEKO IKUSKATZAILE GISA ARI DA AITOR ORUETA
Gasteiztik Donostiara, erronka berrien bila
Urtarrilaz geroztik, Realeko ikuskatzaile lanak egiten ari da Aitor Orueta oñatiarra. Urria hasieran kargugabetu zuten Alaves B-ko entrenatzaile postutik eta bizpahiru hilabetez atsedena hartzen egon ostean, talde txuri-urdineko harrobiko estrukturan sartu da. Alebin mailako ikuskatzaile gisa ari baita azken hilabeteetan.

Lau urte eta erdiz Alaves taldeko harrobian lanean ibili ostean, urrian kargugabetu zuten Aitor Orueta, talde babazorroko bigarren taldeko aulkitxotik. Ordutik hona, futbol zelai eta komunikabideetatik urrunduta ibili da. «Atseden pixka bat behar nuen. Udaberritik urte amaiera bitarteko hilabeteak oso gogorrak izan baitira niretzat» onartu berri du Oñati Irratian, eguerdian, eskaini duen elkarrizketa batean.

Iaz 3. mailan inoizko denboraldirik onena osatu zuen Oruetak -2B mailara igotzetik oso gertu egon ziren- baina sasoi berrian, oso bestelako kontuak izan dira Ibaia aldean. «Klubak norabide aldaketa handia egin du harrobiko filosofian eta ni ez netorren bat ideia horrekin. Nire printzipioen kontra ari nintzen lanean. Eta baliteke ezkortasun hori, jokalariei transmititu izana» esan du. Hori horrela, emaitza txarren ondorioz, bigarren taldeko entrenatzaile kargutik kendu zuten urria hasieran. Klubetik kanpo egonik ere, hilabete hauetan izan duen babesa «oso handia» izan dela adierazi du. «Nirekin lanean egon direnak, jokalariak, Gasteizeko komunikabideak...oso gertu somatu ditut eta hori eskertzekoa da». 

Maila altuko futbolean entrenatzen jarraitzeko bi aukera izan  dituela onartuta, onena, atsedena hartzea zela iruditu zitzaion. Eta orain, norabidez aldatzea erabaki du Oruetak. «Zorionez edo zoritxarrez, futbol negozioak nola funtzionatzen duen ikusi dut eta hori ez da niri gustatzen zaidan futbola. Nik pertsonak eta jokalariak lehenesten duen futbolean sinesten dut eta horregatik erabaki dut berriz ere gaztetxoekin lanean hastea» adierazi du.

Realean ikuskatzaile

Urtarrilean jaso zuen talde txuri-urdineko eskaintza Oruetak eta ondo pentsatu ostean, abentura berri honetan murgiltzea erabaki du. «Astean hirutan joaten naiz Zubietara eta asteburuetan Gipuzkoako futbol zelai ezberdinetan egoten naiz alebin mailako jokalarien jarraipena egiten. Realak estruktura ikusgarria dauka eta daukaten filosofiarekin bat natorrenez, erabaki dut bertara joatea» esan du.

Eguerdiko elkarrizketak askorako eman du. 20 minutu pasatxoan, Alaveseko esperientziaz, Donostia aldean izango duen erronkaz... hitz egin du. Eta beti bezala, argi eta garbi hitz egin gainera. Aitorren esan guztiak, barrutik, bihotzetik, eta batez ere, futbolaz mintzatzean, pasioz adierazten baititu.

Ondorengo podcastean entzun dezakezue elkarrizketa guztia:

Urtarrilaz geroztik, Realeko ikuskatzaile bezala dabil Aitor Orueta oñatiarra

No hay comentarios:

Publicar un comentario